Ipar Irlanda

Artikulu hau Ipar Irlandari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus « Irlanda».
Ipar Irlanda
Northern Ireland
Tuaisceart Éireann
Norlin Airlann
Erresuma Batuko nazioa
Bandera Armarria
Hiriburua
eta hiri handiena
Belfast
54° 35′ N, 5° 50′ W / 54° 35′ N, 5° 50′ W / 54.583; -5.833
Hizkuntza ofiziala(k) Ingelesa
Herritarra ipar irlandar
Gobernua
 -  Erregina Elisabet II.a
 -  Lehen ministroa Theresa May
 -  Ministro nagusia Arlene Foster
Azalera
 -  Guztira 13.843 km2
Biztanleria
 -  2016 zenbatespena 1.864.000
 -  Dentsitatea 133 bizt./km2
Aurrezenbakia +44

Ipar Irlanda [1] ( ingelesez, Northern Ireland; Ulsterko eskozieraz Norlin Airlann; gaelikoz Tuaisceart Éireann), Erresuma Batuko lurralde administratibo bat da, Irlandako irlaren ipar-ekialdean. Irlandako Ulster eskualde historikoaren zati handiena da. Unionistek Ulster deitzen diote, baina abertzaleek ez dute izen hori onartzen, beraientzat Ulster lurralde zabalagoa delako.

Irlandaren independentziaren aurretik, 1922an, irla osoa Erresuma Batuaren zati zen. Urte horretan Irlandako 26 konderri independente izatera heldu ziren, baina iparraldeko 6k britainiarren esku jarraitu zuten, Ipar Irlanda izena hartuz.

Ipar Irlanda geografikoki gehiengo unionista da (Erresuma Batuaren zati izaten jarraitu nahi dutenak) izan zezan egituratu zen, eta komunitate protestanteari abantailak eman izan zitzaizkion. Apurka ordea, biztanleria irlandar nazionalista proportzioz bizkorrago hazten ari da, protestanteak gutxitzen ari diren bitartean (irlandar familia nazionalistek usadioz familia protestanteek baina haur gehiago izaten baidituzte).

Historia

Sakontzeko, irakurri: « Irlandako historia» eta « Ipar Irlandako gatazka»

XVII. mendean hasi zen Ipar Irlandaren historia gainerako Irlandarenaretik bereizten. Garai hartan britainiar agintariek, irlandarren matxinada baten ondoren, eskoziar eta ingeles jendea ezarri zuten Ulsterko lurrik gehienetan, eta horrek protestanteen nagusitasuna bideratu zuen, Irlandako gainerako lurraldeetan ez bezala.

Banatzeko asmoak, hala ere, ez ziren piztu harik eta Ulsterko protestanteen artean Home Rule delakoaren lehen lege proposamenek (1886) katolikoen nagusitasunaren beldurra piztu zuten arte. Irlandako biztanle gehienek gutxieneko autogobernua (Home rule) eskatzen zuten. Alderdi Nazionalista Irlandarrak, ideia horri jarraiki, Londresko Komunen Ganberan zuen giltza politikoa izateko aukera erabiltzen zuen helburu hori lortzeko. 1886 eta 1893an autogobernu proiektu bi onartu ziren arren, Lorden Ganberan atzera bota ziren. 1911n Alderdi Liberalak bultzatutako erreforma parlamentarioaren ondorioz, Lorden Ganberak boterea galdu zuen Komunen Ganberaren aurrean. Horrek autogobernurako aukerak areagotzen zituen.

Hala ere, Irlandan autogobernuaren aurka unionista asko oldartu ziren. Ulster eskualdearen izaera britainiarra azpimarratzen zuten. Unionista gehienak Iparraldean zeuden, nahiz eta Dublinen eta hiri garrantzitsuenetan nolabaiteko pisua zuten. XX. mendearen hasieran Belfast Irlanda osoko hiri garrantzitsuena bihurtu zen, bai biztanleriari zegokionez, baita jarduera ekonomikoari zegokionez ere. Bertan katolikoak (orokorrean irlandar abertzale izateko joera gehiago dutenak) mendebaldeko auzoetan kontzentratuta bizi eta gutxiengoa ziren.

1912an Komunen Ganberak autogobernu proiektua onartu zuen (Hirugarren Home Rule proiektua), Lorden Ganberak ahal izan zuen beste murriztu arren. 1914an Ulsterreko 4 konderriri baimena eman zitzaien proiektu horretan sartu edo ez erabakitzeko. Gatazka horretako bi bandoek talde armatuak sortu zituzten: Ulster Volunteer Force unionista eta Irish Volunteers nazionalista. Hala ere, Lehenengo Mundu Gerran sektore biek bat egin zuten Britainiar Inperioa babestuz.

1916an Britainia Handiaren kontrako altxamendua burutu zuten irlandar abertzaleek Dublin eta beste hiri batzuetan. Ordura arte alderdi txikia zen Sinn Fein indarra hartzen joan zen, 1917an altxamenduan parte hartu zutenak bertan sartu zirenean. Irish Volunteers taldeak Irish Republican Army ( IRA) sortu zuen.

1918an egindako hauteskundeetan, Irlanda mailan Sinn Fein izan zen garaile argia, eta ordura arte hegemonia zuen Alderdi Parlamentario Irlandarra lur jota utzi zuen. Ipar Irlandan, hala ere, unionistek 30 eserlekutatik 23 bereganatu zituzten. Bertan abertzaleek gehiago jo zuten Alderdi Nazionalista Irlandarraren alde, Sinn Feinen alde baino.

1920ko Irlandako Gobernuko Aktan uhartea bi zatitan banatu zen: Ipar Irlanda (ipar-ekialdeko sei konderri) eta "Hegoaldeko Irlanda" (beste 26 konderriak). Eskualde bakoitza bertako gehiengoa zen taldeak gobernatzea nahi zen; horrela Iparraldean protestanteak ziren nagusi. Katolikoen egoera asko okertu zen garai hartan, bigarren mailako hiritarrak bihurtu ziren eta. Ipar Irlandako agintariek gutxiengo katolikoaren aurkako diskriminazio politika bultzatu zuten. Besteak beste, nazionalista katoliko gehien bizi ziren guneetako instituzioen kontrola protestante unionisten esku utzi zuten hauteskunde barrutiak aldatuz. Irlandako Estatu Askea sortu zenean populazio mugimendu garrantzitsuak gertatu ziren; Hegoaldeko protestante askok iparraldera jo zuten, eta alderantzizko bidea egin zuten Iparraldeko katoliko askok.

Egoera ustelduz joan zen, eta Lehen Mundu Gerra sortu zenerako gerra zibila lehertzear zegoen. Irlandako orduko gobernua saiatu zen auzia konpontzen Irlandaren bi zatietako bakoitzarentzat modu berezian ezarriz Home Rule legea (1920). Irlanda bi partetan banatu zutenetik (1920), Iparraldeko katolikoek gutxiengoa osatu zuten, enplegua eta etxebizitza lortzeko eta politikan parte hartzeko eragozpenekin.

1968an Eskubide Zibilen Aldeko Mugimendua antolatu zuten, haien aurkako bereizkeria salatzeko. Horrek bortxakeria zekarren sarritan. Protestante moderatuek berrikuntzak egiteko beharra ikusten zuten, baina Alderdi Unionistako agintaritzako kontserbadoreenak berrikuntzen aurka agertzen ziren beti. 1969an Britainia Handiko gobernuak gudarostea bidali zuen Ipar Irlandara, bertako poliziari ( Royal Ulster Constabulary, RUC) laguntzeko, eta bertan geratu ziren, britainiar agintaritza bermatzeko.

Harrezkero IRA organizazio armatuaren ekintzen helburu nagusi bihurtu ziren. 1972an britainiarrek Ipar Irlandako Legebiltzarra deuseztatu zuten eta gobernu zuzena ezarri zuten. 1972ko urtarrilaren 30ean " Igande odoltsua" ("Bloody Sunday") gertatu zen Derryn. Poliziak manifestaldi baketsu baten aurka tirokatu zuen. 13 hildako eta 14 zauritu egon ziren. 1973an, katoliko askok boikot egin zuten erreferendum batean, Ipar Irlandako hautesleek Britainia Handiarekin bat eginda egotearen alde eta Irlandako Errepublikarekin elkartzearen aurka bozkatu zuten. Hurrengo urteetan bortxakeria handituz joan zen.

Belfasteko bi emakumek – Mairead Corrigan eta Betty Williams– Bakearen Nobel saria jaso zuten 1976an, Ipar Irlandan aurrez aurre zeuden bi erkidegoak baketzeko egiten ari ziren ahaleginagatik. Ahaleginak, baina, huts egin zuen. Bien bitartean, Behin-Behineko IRAk (organizazioko talde erradikalena) indarkeriazko ekintzen bidez presioa egiten jarraitzen zuen, eta muturreko protestante batzuek zenbait talde armatu antolatu zituzten. 1979an, IRAk lord Mountbatten (Indiako azken erregeordea) hil zuen, eta egun berean, hemezortzi soldadu britainiar hil zituen segada batean.

Aurrerago, 1981ean, IRAk beste taktika bat erabili zuen herritarren babesa jasotzeko: presoek gose grebari ekin zioten, eta horren ondorioz hiltzen zen kide bakoitzeko indarkeriazko ekintza sail bat egiten zuten. Bien bitartean, Ipar Irlandako bi erkidegoen bereizketak bere horretan irauten zuten, eta ez zen irtenbiderako zirrikiturik ikusten. 1985eko gobernu arteko konferentzia segurtasun, ekonomia, eta gizarte arazoetan elkar laguntza handitzeko eta behin betiko bakea lortzeko bidean aurrerapauso gisa ikusi zuten batzuek, baina unionista protestanteek eta irlandar abertzale batzuek gogor kritikatu zuten orduan izenpetu zen hitzarmena. 1990eko hamarraldiaren hasieran, Britainia Handiko gudarosteak Londonderry eta Belfasteko kaleetan jarraitzen zuen, eta IRAk britainiar zibilen eta militarren aurkako ekintzak egiten.

Bake bide oztopoz betea

1994ko abuztuaren 31n, hogeita bost urtez borrokan aritu ondoren, IRAk baldintzarik gabe su-etena iragarri zuen, eta bake elkarrizketetan parte hartzeko borondatea erakutsi zuen. Hala ere, 1996ko otsailaren 9an, su-etena hautsi eta bonba bat leherrarazi zuen Londresen, britainiar gobernuari leporatuz su-etena hautsi izanaren erantzukizuna. Atentatu gehiago izan bazen ere, Britainia Handiko eta Irlandako Errepublikako Lehen Ministro John Major eta John Brutonek, bake prozesua aurrera eramateko borondateak bultzatuta, bake elkarrizketak hasi zituzten Stormonteko gazteluan, Belfastetik gertu, Ipar Irlandako alderdi politiko nagusiak bilduta.

Sinn Fein taldeko ordezkariak ere bertan izan ziren, talde protestanteek IRAren atentatuak salatzen ez zituztenen ondoan ez zirela eseriko adierazi bazuten ere hasieran. 1997ko maiatzeko Britainia Handiko hauteskundeetan garaile izan ziren laboristen borondateari eta IRAk uztailaren 19an iragarri zuen su-etenari esker, bake elkarrizketek aurrera egin zuten. Negoziazioen aurka zeuden katoliko eta protestanteen atentatuek zituzten elkarrizketak etenarazi. Hala, Britainia Handiko Lehen Ministroa, Tony Blair, bi aldiz elkartu zen –1997ko abenduan eta 1998ko martxoan, Downing StreetenSinn Feineko ordezkariekin, 1997ko irailean alderdi honek helburu politikoak lortzeko indarkeria erabiltzea arbuiatu zuenez geroztik. 1998ko apirilaren 10ean, Ipar Irlandako alderdi nagusiek eta Britainia Handiko eta Irlandako Errepublikako Lehen Ministroek bake hitzarmen bat izenpetu zuten, indarkeria behin betiko desagerrarazteko eta bake iraunkorra lortzeko borondate ukaezinaren erakusgarri.

2005eko ekainean IRAk armak utziko zituela eman zuen aditzera, eta handik hiru hilabetera nazioarteko batzorde batek armak uzte hori berretsi zuen. 2007ko maiatzean UVF talde paramilitar unionistak uko egin zion indarkeriari. 2007ko maiatzaren 8an, katolikoen eta protestanteen arteko gobernu bat osatu zen lehen aldiz.

Other Languages
Afrikaans: Noord-Ierland
Alemannisch: Nordirland
azərbaycanca: Şimali İrlandiya
башҡортса: Төньяҡ Ирландия
Boarisch: Noadirland
беларуская (тарашкевіца)‎: Паўночная Ірляндыя
brezhoneg: Norzhiwerzhon
bosanski: Sjeverna Irska
Mìng-dĕ̤ng-ngṳ̄: Báe̤k Ireland
čeština: Severní Irsko
dansk: Nordirland
Deutsch: Nordirland
dolnoserbski: Pódpołnocna Irska
Esperanto: Nord-Irlando
estremeñu: Irlanda del Norti
føroyskt: Norðurírland
français: Irlande du Nord
Nordfriisk: Nuurdirlun
Gàidhlig: Èirinn a Tuath
गोंयची कोंकणी / Gõychi Konknni: उत्तर आयर्लंड
客家語/Hak-kâ-ngî: Pet Ireland
hrvatski: Sjeverna Irska
hornjoserbsce: Sewjerna Irska
Kreyòl ayisyen: Ilann dinò
interlingua: Irlanda del Nord
Bahasa Indonesia: Irlandia Utara
Interlingue: Nord-Irland
íslenska: Norður-Írland
Basa Jawa: Irlandia Lor
ភាសាខ្មែរ: អៀរឡង់ខាងជើង
한국어: 북아일랜드
kernowek: Wordhen Gledh
Lëtzebuergesch: Nordirland
Limburgs: Noord-Ierland
lietuvių: Šiaurės Airija
latviešu: Ziemeļīrija
македонски: Северна Ирска
Bahasa Melayu: Ireland Utara
مازِرونی: شمالی ایرلند
Napulitano: Irlanna d'o Nord
Nedersaksies: Noord-Ierlaand
Nederlands: Noord-Ierland
norsk nynorsk: Nord-Irland
Nouormand: Irlande du Nord
Piemontèis: Irlanda dël Nòrd
português: Irlanda do Norte
Runa Simi: Chinchay Ilanda
rumantsch: Irlanda dal Nord
română: Irlanda de Nord
sicilianu: Irlanna dû Nord
srpskohrvatski / српскохрватски: Sjeverna Irska
Simple English: Northern Ireland
slovenčina: Severné Írsko
slovenščina: Severna Irska
Soomaaliga: Waqooyiga Ayrland
српски / srpski: Северна Ирска
Seeltersk: Noudirlound
Basa Sunda: Irlandia Kalér
svenska: Nordirland
Tok Pisin: Noten Aialan
Türkçe: Kuzey İrlanda
татарча/tatarça: Төньяк Ирландия
українська: Північна Ірландія
oʻzbekcha/ўзбекча: Shimoliy Irlandiya
Tiếng Việt: Bắc Ireland
Zeêuws: Noord-Ierland
中文: 北爱尔兰
Bân-lâm-gú: Pak Ài-ní-lân
粵語: 北愛爾蘭